2012/04/23

Merkataritza gune handiak:gaurko gizarteko tenpluak?

Txikia nintzenean, 70 eko hamarkadan, nire etxebizitzaren azpian denda bat zegoen. Oso denda txikia zen, baina ni ere oso txikia nintzenez, denda hura ikaragarri handia iruditzen zitzaidan. Denetik zegoen. Nahiz eta denda txikia izan, dena oso txukuna zegoenez, produktu asko eros zitekeen; eguneroko ogia, urdaiazpikoa, arroza eta abar. Dendatik kanpo, kutxetan jarrita, barazkiak zeuden. Dendaren jabea Mª Carmen zen. Mª Carmen- en senarrak baratza zeukanez, barazkiak izugarriak ziren. Auzokoak joaten ziren denda txiki hartara zerbait erostera. Denda txiki hartan, Mª Carmen-en eta bezeroen arteko harremanak oso estuak ziren, jendeak konfidantza handia zeukalako Mª Carmenekin. Igandero, meza bukatu ondoren, hara joaten nintzen ni gozokiak erostera. Hura bai zela nire tenplua!.

Denboraren poderioz, hau da, 90 eko hamarkadan, moda berri bat etorri zen guregana. Monopolioek edozein lekutan, merkataritza gune handiak jartzen zituzten. Haien erruz, denda txiki guztiak itxi zituzten.

Egia esan, merkataritza gune handi horietan, denetik egin eta eros dezakezu. Produktu guztiak leku berean dituzu. Era berean, asteroko edo hilabeteroko erosketak egin ditzakezu. Asteburuetan, eguraldi txarra egiten duenean, jendea hara joaten da arratsalde osoa pasatzera. Gurasoek erosketak egiten dituzten bitartean, umeak zinema aretoan geratzen dira, edo txikiak badira, merkataritzako haurtzaindegian. Gero ondo bukatzeko, autoari gasolina bota eta " Mc Donalds"- en afaldu.

Tamalez, aitortu behar dut, merkataritza gune handi batean erosten dudala; erosoago iruditzen zaidalako. Baina ez ditut produktu guztiak han erosten; hango produktu batzuek ez dutelako kalitaterik.Orain, barnetegian nagoenez, herri txiki batean bizi naiz; Lazkaon, hain zuzen ere. Herriko dendak oso txikiak dira, nire auzoko denda bezalakoak. Okindegia, fruitategia, arrain denda, harategia eta abar. Nahiz eta denda txiki horietako produktuak pixka bat garestiagoak izan, kalitateko produktuak dira. Denda txikiko eta denda handiko produktuen artean alde handia dago.

Denda txikietan ez bezala,  merkataritza gune handietan, dendarien tratua hotza da. Gainera, zenbat eta produktu gehiago, orduan eta kontsumismo handiagoa izango dugu gure gizartean.
Beste ikuspuntu batetik, langileen eskubideak ez dira errespetatzen; ordu askoan lan egin behar dute, diru gutxi irabazteko.

Bukatzeko, nik nire aldetik, adierazi nahi nuke, musika eta argien atzean, negozio hutsa dagoela. Merkataritza gune handien erruz, benetako dendak desagertzeko zorian daude, eta beraiekin kalitateko produktuak eta harremanak egiteko lekuak.



No hay comentarios:

Publicar un comentario